Batzuetan, gure buruan espazio parte hartzaileei buruz pentsatzen dugunean, ekitatea edo horizontaltasuna bezalako adierazleak sortzen dira. Hala ere, gure gizarteak zeharkatzen dituzten menderatze sistemen pisua bizkarrean daramaten geure motxilekin joaten gara topaleku horietara. Agerikoenetako bat sexu-genero sistema da. Hau da, jaiotzean esleitutako sexuan oinarrituta dauden arau ikusezinak, horien gainean eraikita baitago gizonen eta emakumeen arteko sistema bitar eta hierarkizatua.

Parte hartzeko orduan, sexu-genero sistema hau finkatzen duten lau logikek nola eragiten duten ulertzea interesatzen zaigu. “Ondoezak ekintza politiko bihurtuz. Berdintasunezko parte hartze baterako estrategia feministak” gidan xehetasun gehiago emango ditugu eta horretan sakontzeko erreferentzia gehiago aurkituko dituzu. Hemen, zertzelada batzuk baino ez ditugu emango.

1 Logika:
Arrazoia / Emozioa

Sexu-genero sistemaren lehen logika, mendebaldeko filosofian oso presente egon den arrazoi-emozio dualismoan oinarritzen da. Pentsalari askorentzat gorputza bitan banatzen da: buru-pentsalaria eta gorputz-ontzia. Logika hori beste bikote batzuetara pasatzen da, gizonezko-maskulinora eta emakume-femeninora, haien portaera eta gizartean duten zeregina finkatzeko. Gizonak, burua, gai publikoak pentsatzeko eta, beraz, eramateko gai. Emakumeak, haragia, gorputzaren arazoetarako gaituak (hazkuntza, zainketak).

2 Logika:
Subjektua / Objektua

Buru-haragi paretik abiatuta, sexu-genero sistemaren bigarren logika eratortzen da. Gizonak buru-pentsatzailea dira, eta, beraz, ekintzaren subjektua. Baina erabakiak arrazionalki hartzeko, burujabeak izan behar dute, eta ahulezia fisiologiko eta emozionalekiko immuneak. Bien bitartean, emakumezkoak haragi-ontzia dira, ekintzaren helburua, kontrolatu eta menderatu egin behar dena. Batez ere, kontuan hartzen bada emakumeak ezin direla bere alderik haragizkoenetik/emozionalenetik bereizi.

3 Logika:
Produkzioa / Erreprodukzioa

Sexu-genero sistemaren hirugarren logikak produkzioa-ugalketa parera garamatza. Gizonezko-buru-subjektuak izango dira gai produktiboak eramateko objektiboki gaituta daudenak. Hau da, jarduera monetizatuak eta botereari lotuak, gizarte kapitalistetan balioa eta aitortza ematen diogunari dagozkionak. Bitartean, haragi-objektu-emakumeak zaintzarako bakarrik hartuko dira egokitzat. Ugalketa, izebergaren oinarri bezala, gure bizitzak sostengatzen dituen hori da, hala ere, hori segurutzat emateko joera dugu, ikusezin bihurtuz eta balioa kenduz.

4 Logika:
Menderakuntza / Subalternitatea

Sexu-genero sistemaren laugarren logikak azaltzen du nola gizon-buru-subjektu-produktibo horrek kokapen nagusi bat duen gure gizarteetan. Hala ere, ez da edozein gizonezko, profil oso zehatza bete behar baitu, ZBGH+ modura ezaguna (zuria, burgesa, heldua, heterosexuala, ezintasunik gabea...). Ezaugarri horiek biztanleriaren ehuneko oso txiki batek baino betetzen ez dituen arren, neutral eta unibertsal gisa aurkezten dira. Bitartean, gainerakoak mendeko subjektutzat hartzen dira, hau da, ertzetan bizi den beste partikular bat.

Intersekzionalitatea

Sexu-genero sistema moldatzeko katramilatzen diren lau logikak funtsezkoak dira gure ondoezen atzealdea ulertzeko, baina ez dira nahikoa. Izan ere, emakume guztiak ez dira berdinak, ezta gizonak ere. Beste menderatze sistema batzuk ere badaude gure bizitzak baldintzatzen dituztenak, eta, beraz, baita espazio publikoan bizi garen forma ere. Horregatik, konplexutasun hori ulertzen lagunduko digun tresna bat behar dugu, eta hori intersekzionalitatean aurkitzen dugu.

Intersekzionalitatea feminismo beltzetik irudikatutako eta Kimberlé Crenshaw abokatu eta akademikoak 70eko hamarkadan AEBetan sortutako funtsezko nozioa da. Tresna horrek laguntzen digu ulertzen gure gizarte kokapena zapalkuntza eta pribilegio ugarik zeharkatzen dutela, gure gizarteetan dauden menderatze sistemek baldintzatuta daudenak (kapazitismoa, kapitalismoa, kolonialismoa, edadismoa, homofobia, patriarkatua, arrazismoa, transfobia...). Gure partaidetza espazioak ez dira menderatze modu horietatik kanpo dauden oasiak (nahiz eta batzuetan hala ikusten ditugun), eta horregatik da hain garrantzitsua ikuspegi intersekzionala txertatzea, adi egoteko eta hautematen ditugun botere harremanetan eragiteko (baita gure baitan ere).



AZTERTU ONDOEZAK!

Deskargatu gida osoa hemen!

Gaztelaniaz eta euskaraz


Ezinegonak eraldatzea Aradia Cooperativaren 2024-2025eko proiektua da.

Ilustratzailea: @Rosi.Agua



Bizkaiko Foru Aldundiko irabazi-asmorik gabeko erakundeei emakumeen
eta gizonen berdintasuna sustatzeko proiektuetarako dirulaguntzak

Itzuli gora!

Create a free website with Framer, the website builder loved by startups, designers and agencies.