ONDOEZA


Entzunak izateko eskubideari buruz
Emakumeak ez dira inoiz ezagutza-iturritzat hartu. Argi utzi digute, ez baikara memoriaren parte, ez gaituzte aipatzen, balioa kentzen digute, barregarri utzi edo gutxietsi egiten gaituzte. Zenbat emakume izen aurkitzen dituzu hirian paseatzen ari zarenean? Zenbat aldiz joan gara hitzaldietara edo ikastaro batera eta ez da aipatu emakume bakar bat ere ez? Zenbat aldiz azaldu digute esan berri genuen zerbait? Zenbat aldiz deitu digute ahobero? Zenbat aldiz jarri gaituzte zalantzan gai batean adituak izanda? Honako hau da erantzuna: gehiegitan!
Mugitzen garen testuinguru demokratikoetan, ez dago inolako debeku espliziturik emakumeok hitza (publikoan) erabil dezagun. Hala ere, Bizkaiko udalen % 35 bakarrik daude emakume alkate batek gobernatuta; UPV/EHUko emakume katedradunen ehunekoa ez da % 23ra iristen, eta, Espainiako lurraldean, emakume zuzendariak buru dituzten filmen proportzioa ez da % 25era iristen. Lotsatiagoak ote gara? Ez ote dugu ezer esateko? Ez ote gara behar bezain prestatuak, edo ez ote dugu talenturik? Eta zifra horiek kezkagarriak iruditzen bazaizkigu, zenbat murrizten dira emakumeak langile klasekoak diren, desgaitasunen bat duten, lodiak, migratuak, arrazializatuak, transak, zaharrak diren edo normatibotasunetik urruntzen dituen beste edozein ezaugarri duten heinean? Oraindik lotsatiagoak eta ziurtasunik gabeagoak ote dira, eta, horregatik, kanporatzen ditu botereak?
Ez izatearen agertoki hori kontuan hartuta, ez da harritzekoa emakumeok barneratu izana ez dugula ekarpen handirik egiteko, gure esperientziak ez direla interesgarriak edo ez dugula horiek kontatzeko gaitasunik. Horrek azaltzen du, BELL HOOKS pentsalari eta idazleak dioskunez, “feminismoak ahotsa bilatzeko egiten duen enfasia, isiltasunetik diskurtsora igarotzeko egiten duena, keinu iraultzaile gisa”[...] Hori bereziki garrantzitsua izan da aurretik inoiz ahots publikorik izan ez duten emakumeen taldeentzat, lehen aldiz hitz egiten eta idazten duten emakumeentzat, horien artean koloredun emakume asko” (2022: 31). Ahotsa erabiltzeak objektutzat jotzetik subjektutzat jotzera igarotzeko aukera ematen die (digu), eta, horrela, norberaren bizitzan eta ingurunean eragiteko gai garela jakiteko.
Baina jakin badakigu igarotze edo aldaketa horiek ez direla errazak izaten. Barneratu dugun zapalkuntza hori guztia da aurkitzen dugun lehen oztopoa. Iruzurtiaren sindromea deitu izan zaio horri: norberaren trebetasunetan konfiantzarik ez izatea, norbere buruaz zalantza egitea, inoiz ez gaudela behar bezala prestatuta pentsatzea eta etengabe geure burua zalantzan jartzea. Ezaguna egiten zaizu? Zoritxarrez, ziur baietz. Eta sindrome horrek ia emakume guztiei eragiten diela kontuan hartzen badugu, hobe genuke pandemia batez ari garela esatea!
Ez da harritzekoa segurtasun gabezia horiek guztiak gure atzetik izatea, besteek definitutako joko-taula bateko gonbidatuak besterik ez baikara. Androzentrismoak markatutako agertoki bat da, Nancy Fraser filosofo politikoaren hitzetan, “genero-bidegabekeriaren ezaugarri nagusia” dena; “maskulinotasunari lotutako ezaugarriak lehenesten dituen gizarte-ordenan oinarritzen da, femeninotzat kodetutako guztia gutxiesten duen bitartean” (2011: 299) . Beraz, espazio publiko horretan aintzatespena lortu nahi badugu, eredu maskulino horrekin parekatu beharko dugu, dakizuenez, produktibitatea, arrazoia eta unibertsaltasuna lotuta daramatzana.
Beste era batera esanda, oharkabean pasatu (eta onartuak izaten saiatu) nahi badugu, komunikazio-eredu hegemonikoa arautzen duten formak imitatu beharko ditugu. Iris Marion Young politologoak azaldu digu ondo hitz egitea espazio publikoa okupatzeko estilo lehiakor eta nagusi batekin lotzen dela, non emozioak mugatzen diren eta segurtasuna, autoritatea, ahots larria, autokontrola eta esperientzia zein lasaitasuna agertzea saritzen diren. Bestalde, Dolores Juiliano antropologoak gaineratu du sinesgarritasuna eta aintzatespena gizonezkoen hitzezko eta keinuzko jokabide “solte, zuzen eta autozentratuagoekin” lotzen direla (emakumeenak, aldiz, “esperotakoarekin bat datoz eta besteei atsegin ematea dute helburu”) (2017: 56). Eta Jone Martínez-Palacios politologoak nerbioak emakumeei zilegitasuna kentzeko trikimailu bihurtu direla arakatu du.
Azken batean, urduritasuna, emozionaltasuna edo segurtasunik eza eragiten duen edozein joera espazio publikotik kanpo geratzen da, eta, horrekin batera, aurreko baldintza guztiak betetzen ez dituzten talde eta ahotsak (hau da, gutxi batzuek baino ez dute izaten hitz egiteko eta entzunak izateko eskubidea). Baina espazio publikoan adierazteko beste modu batzuk gutxiestea ez da taktika bakarra emakumeek azpigizaki gisa duten posizioa indartzeko. Gehiago daude: erreferentzialtasunetik eta memoriatik kanporatzea, aniztasuna ukatzea, nagusitasunarekiko hain kritikoak ez diren diskurtsoei ikusgarritasun handiagoa ematea (onen eta zapaldutako gaiztoen arteko betiko banaketa hori!), gure ikasketa, ekintza edo hausnarketa esparruak bereiztea eta hurrengo kapituluetan ikusiko ditugun beste estrategia asko.
Uxue Alberdi bertsolari eta idazleak aztertu du gizonezkoen dominazioa erreproduzitu egiten dela kultur urratze eremu batean, bertsolaritzan, alegia. Ia berrogei urte lehenago, Joanna Russ idazleak emakumeak literaturatik kanporatzeko formula patriarkal horiek (beraien aldaerekin) erregistratzeari ekin zion. Eta horrela jarraitu ahal izango genuke beste arlo askotan. Garai, diziplina eta maniobra desberdinak, baina helburu bera: espazio publikoaren kontrol maskulinoa mantentzea eta emakumeei (eta mendeko taldeei) hitza hartzeko eta entzunak izateko duten eskubidea mugatzea (ukatzea ez denean).
Beraz, gu bazterretara kondenatzea da esaten dugunari garrantzia kentzeko edo isilarazteko estrategiarik onenetako bat. Arazoak sortzen dira erdigunea okupatu nahi dugunean edo gizonezkoen begirada (zisheterozuria) beste begirada partikular bat baino ez dela (eta ez bakarra, ezta unibertsala ere) gogorarazten diegunean. SARA AHMED idazle eta akademikoak feminista zapuztaileen kit bat lortzea proposatzen digu, ezarritako arauari aurre egitea errazagoa eta aberasgarriagoa izan dadin, eta beste aldera begira egon beharrean bizimodu ez hain erosoa bizitzeko hautua egin dezagun (eta askoz aberatsagoa ere bai!). Beraz, kit hori ideia batzuekin beteko dugu.









