ONDOEZA



Gorputz birtualetatik kanporatzea
Internetera konektatzea untxi zuriaren gordelekuan erortzea bezalakoa da, baina zakarki. Izan ere, errezelaren atzean makina bat ate aurkitzen ditugu, eta, trago bakar bat ematen badiogu edan nazazu dioen eta, gu, uzkurtu ordez, digitalizatu egiten gaituen botila horri, ate horiek gainditu ahal izango ditugu. Mirari birtualen munduak, garai ez hain urrunean, agora perfektuak bailiran imajinatu ziren, sistema kultural, ekonomiko, politiko eta soziala ekitatez eta askatasunez garatzeko utopia baten aurkikuntza. Eta egia da, ispiluaren bidez, pozak, konplizitateak, borrokak eta jakintzak ehundu ditzakegula. Baina oraindik baditugu kapelagile haserretuak, buruak eskatzen dituzten erregeak eta (matxi)troll-en bat edo beste.
Kontua ez da teknofoboak izatea, baizik eta informazioaren eta komunikazioaren teknologien (hemendik aurrera, IKT) neutraltasun faltsua mahai gainean jartzea. Ordenagailuak, telefonoak, bideo-kontsolak, Internet, posta elektronikoa, bilatzaileak, sare sozialetako plataformak... ez dira tresna objektibo hutsak. Teknologia, gehienbat, BBVA+ profilari dagozkion subjektuek irudikatzen, garatzen, patentatzen, fabrikatzeko eta merkaturatzeko agintzen dute (gizonezko zuri, burges, heldu, heterosexual, desgaitasunik gabeek...), eta, oso asmo ona izan arren, beren begiradaren kutsua utziko diote.
2022-2023 ikasturtean Espainiako unibertsitateetan STEM (ingelesetik: zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika) arloko ikasketak egiten ari diren ikasleen ehunekoari erreparatzen badiogu, ikus dezakegu oso maskulinizatuta daudela gogortzat jotako ikasketak.
Horrela, curriculumaren aukeraketan Emilioren (publikoa-produktiboa) eta Sofiaren (pribatua-erreproduktiboa) arteko norgehiagokak oihartzun handia izaten jarraitzen du, eta hori oso lotuta dago txikiek erreferenterik eta helduek espaziorik ez aurkitzearekin. Izan ere, bokazioan dagoen arrakala ikaragarriaz gain, hodi-ihesak ere gehitu behar dira, hau da, karrera profesionalean zehar hainbat arrazoirengatik kanporatu izana: lan-bizitza amatasunarekin eta/edo zaintzarekin bateragarri egiteko zailtasuna, genero-estereotipoei lotutako oztopoak edo emakumeak ez aintzatestea.
Bestalde, genero-arrakala digitalak badu beste dimentsio bat, IKTak eskuratzeari eta erabiltzeari dagokionez gizonen eta emakumeen artean dagoen aldea (hau da, teknologia izatea eta erabiltzen jakitea). Europan pixkanaka murrizten joan da, baina, hala ere, arazo bat da maila globalean. Berriz ere, gogorarazi behar da generoa beste menderatze-sistema batzuekin nahasten dela, eta analfabetoek, LGBATIQ+ kolektibokoek, desgaiek, indigenek, adinekoek, txiroek, landa-eremuetakoek eta/edo hegoalde globalekoek mundu digitaletik baztertuak izateko aukera gehiago dituztela.
Ba al zenekien gizonezkoek teknologia erabiltzeko ezagutzak eta trebetasunak izateko % 25 aukera handiagoa dutela emakumezkoek baino? Errenta baxuko herrialdeetan bizi diren emakume nerabe eta gazteen % 90ek ez duela Interneterako sarbiderik (eta mutilek, ostera, bi aldiz aukera gehiago dutela)? Edo Latinoamerikan emakumeen % 40 - 89 milioi pertsona baino gehiago - ez daudela konektatuta edo ezin dutela ordaindu Internet izatea?
Azkenik, arrakala hori nabari da teknologiari ematen zaion erabilera motan. Kasu honetan, mundu analogikotik birtualerako hedapen argia ikus dezakegu, non emakumeek eguneroko jardueretarako edo harreman sozialetarako erabiltzen dituzten IKTak batez ere, eta askoz gutxiago ekintza politikorako. Eta horrela, eragin politikorako gaitasunaren zati bat galtzen dute, baita linean ere.
Menderatze-sistemak teknologia sortzen eta erabiltzen dutenengan errotzen dira, eta, beraz, gaitz analogiko gehienak mundu birtualera hedatzen direla ikusiko dugu. Ondorioz, emakumeek, disidentziek eta talde alternoek ahotsen zilegitasunik ezari, etorkortasunari, bizipenak ukatzeari, eta haien gorputzak ikusgai jartzeari eta kritikatzeari aurre egin beharko diete. Eta oso litekeena da mehatxuak, sexu-jazarpena, irainak, informazioaren edo argazki pribatuen argitalpena edo bullying antolatua aurkitzea. Hau da, indarkeria digital matxista.
Zertaz ari gara indarkeria digital matxista diogunean? Oraindik definizio adosturik ez dagoen arren, emakumeek eta disidentziek jasaten duten egiturazko indarkeria-ekintza oro da, emakume izate hutsagatik pairatzen dutena, eta Interneten eta IKTen erabilerak larriagotu egiten duena; hau da, mundu analogikoko indarkeria matxistaren hedapen bat da.
Nor izan daiteke erasotzailea? Zure inguruko norbait izan daiteke, hala nola lagunak, senideak edo bikotekideak (ohiak), zu zaintzeko, kontrolatzeko edo zuri ospea kentzeko IKTak erabiltzen dituztenak. Profil anonimoak (gertukoak izan edo ez) edo eraso sistematikoak egiten dituzten talde antolatuak izan daitezke. Pribatutasuna urratzeko, adierazpen-askatasuna zentsuratzeko edo ekintzaileak identifikatzeko bere erakundeak erabiltzen dituen estatu bat ere sar genezake hemen.
Zer forma har ditzakete indarkeria digital horiek? Luchadoras kolektiboak, Socialticekin eta Asociación por el Progreso de la Comunicación Elkartearekin batera, teknologiari lotutako 13 eraso mota antzeman ditu, beraien artean oso lotuta agertzen direnak:
💣 Baimenik gabe sartzea edo kontrolatzea gailuak edo kontuak, informazioa eskuratzeko, kontuak blokeatzeko edo ospea kentzeko xedez (pasahitzak lapurtzea, phishing, keylogger-ak...).
💣 Informazioa kontrolatzea edo manipulatzea, datuak edo dokumentuak baimenik gabe ezabatuz edo faltsutuz.
💣 Nortasun digitala ordeztea eta lapurtzea: Kontu edo profil faltsuak sortzea, pertsonaren edo kolektiboaren nortasuna kaltetzeko.
💣 Monitorizatzea eta zelatatzea: etengabe zaintzea online bizitza, informazioa, argitalpen pribatuak edo publikoak (ziberstalkeo-a).
💣 Gorroto-diskurtsoetan oinarritutako adierazpen diskriminatzaileak (klase sozialeko estereotipoak, generoa, etnia, arraza, erlijioa, sexu-orientazioa...).
💣 Jazarpena: Zelatatzearen, irainen eta mezuen bidez behin eta berriz molestatzea.
💣 Mehatxuak: Pertsona baten osotasun fisikoa edo sexuala, ingurunea edo ondasunak kaltetzeko asmoa erakusten duten adierazpenak, irudiak, bideoak...
💣 Informazio pertsonala edo intimoa baimenik gabe zabaltzea, hala nola doxxing-a (sarean eskuragarri dagoen informazioa arakatzea, jazarpen eta larderia gisa argitaratzeko) edo argazki intimoak argitaratzea.
💣 Estortsioa: Kontrolatzen edo kikiltzen zaituen hirugarren baten borondateari jarraitzera behartzea, adibidez, sextortsioa (irudi intimoak erabiltzea hertsadura gisa, abusu edo sexu-esplotaziorako, irabaziarekin edo irabazirik gabe).
💣 Ospea kentzea: Pertsona baten ibilbidea kaltetzea informazio faltsua, manipulatua edo testuingurutik kanpokoa erakutsiz.
💣 Abusu eta esplotazio sexuala, irudia edo gorputza borondatearen aurka erabiliz, hala nola grooming-a (sare sozialak erabiltzea adingabeekin harremanetan jartzeko eta loturak sortzeko abusu edo esplotazio sexualerako).
💣 Pertsona do talde baten adierazpen-kanalak zirkulaziotik kanpo uztea profil-bajen, DDOS erasoen, erabilera- eta domeinu-murrizketen bitartez...
💣 Botere arautzailea duten eragileen aldetik indarkeria hori ez aipatzea (salaketei jaramonik ez egitea, erasoak gutxiestea...).
Zer ondorio ditu ziberindarkeriak? Kontuan izan behar dugu gure abatar digitala ez dela gorputzetik askatzen, gorputzaren luzapen bat baino ez dela. Gure gorputzak eta inguruneak ulertzeko moduan (edertasunaren, arrakastaren, zoriontasunaren… estandarrak) linean (bir)sortzen dugun iruditeriak eragina izango duen bezala, indarkeria digitalek ere pantailak zeharkatuko dituzte. Beraz, maila pertsonalean, ondoez emozionalak, psikologikoak eta fisikoak izan ditzakegu (antsietate eta estres koadroak, depresioa, buruko mina, nekea, autoestimu baxua edo konfiantza galtzea).
Ba al zenekien 16 eta 25 urte bitarteko emakumeen % 25ek baino gehiagok iradokizun desegokiak jaso dituela Espainiako Estatuko sareen bidez? Jazarpen digitala jasaten duten emakumeen % 54k izu-, antsietate- edo estres-erasoak jasan dituela? Edo neskatoen eta neska gazteen % 42k estres emozionala erakutsi dutela online jazarpena jasan ondoren?
Egoera horrek deskonexio behartu bat eragin dezake, etxea edo lana aldatu behar izatea, bai eta bere buruaz beste egitea (edo egiteko saiakerak) ere. Izan ere, lehenik eta behin, indarkeria digitalaren erabilerak pertsona edo kolektibo bortxatua diziplinatzeko balio du; eta, bigarrenik, emakume guztiak, disidentziak eta arlo publiko-birtualetik anormalak diren gainerako gorputzak kanporatzea bilatzen du (arlo publiko-analogikokoarekin jarraituz). Imajinatuko duzunez, horrek ondorioak ditu maila kulturalean, ekonomikoan, ekologikoan, politikoan, sanitarioan, sexu-afektiboan, sozialean eta teknologikoan.
Aipatu behar da indarkeria hori guztia areagotu egiten dela mundu birtualean arlo politikoan parte hartzeaz hitz egiten dugunean, bereziki aktibismo antikapazitista, antiarrazista, ekologista, feminista, LGBATIQ+... eraldatzailearekin lotzen denean. Batzuetan, horrelako edukiak argitaratzeak follower ugari galtzea eragin diezazuke (hau da, ikusgarritasuna galtzea eta, kasuaren arabera, baita monetizazioa ere). Beste batzuetan, ordea, Interneten zati toxikoena piztu dezake, banakako edo antolatutako indarkeria-dosi handiekin.
Baina nork antolatzen du jazarpen hau? Indarkeria digital hori ulertzeko, androsfera, manosfera edo matxosfera izeneko sarearen zati batean sartu behar gara; hau da, maskulinitate hegemonikoa sustatzen duten eta aurrerapen feministen oso aurka dauden gizonez osatutako komunitate birtualetan. Eta hauen barruan, azpikultura heterogeneoak bizi dira, hala nola:
🤡 Gizonen eskubideen aldeko mugimendua (ingelesetik: Men 's Rights Activist): Gizarteak diskriminatzen dituela sentitzen duten gizonak, dibortzioa, zaintza, aitatasuna edo haurren mantenua bezalako alderdietan legediak emakumeei mesede egiten diela argudiatuz. Indarkeria matxistaren eta sexu-indarkeriaren aurkako legeek kaltetuta sentitzen dira, beraien errugabetasun-presuntzioa amaitu dutela uste baitute. Halaber, kexu dira hezkuntzaren feminizazioaz edo gizonezkoen gai batzuek ikusgarritasun txikiagoa izateaz. Zainketa-lanetan gizonen ikusgarritasun handiagoa nahi izan dezakete? Ez, noski, kexu dira zirkunzisioak emakumeen genitalen mutilazioak baino salaketa global txikiagoa duelako (ikusi konparazioa).
🤡 Ligatzearen artistak edo guruak (edo PUA, Pick-Up Artists siglen arabera): Beren burua sedukzioaren maisu gisa hautematen duten gizonak, eta beren ikasleei konkistatzeko trebetasunak eta taktikak irakasten dizkietenak, izandako eta izango diren genero klixe guztietan oinarrituta. Emakumeak gizonei estatusa ematen edo kentzen dieten objektu gisa deskribatzen dituzte, eta, hala, merkatuko balio bat ematen diete, igo (erakargarritasun fisikoa edo otzantasuna bezalako alderdiengatik) edo jaitsi daitekeena (soldata ona edo body count altua izateagatik, hau da, sexu bikote bat baino gehiago izateagatik).
🤡 Incels (ingeleseko Involuntary Celibates hitzetik): Emakumeekin harreman sexoafektiborik ez duten gizonak, ez nahi ez dutelako, baizik eta ezin dutelako. Pareto-ren 80/20 Legeak gizadia arautzen duela bezalako teoriak sortu dituzte: Alfa gizonen (chad) % 20 emakumeen % 80rengatik lehiatzen da, eta edertasun gutxieneko gizonen % 80 gainerako % 20rengatik lehiatzen da. Horrela, emakumeek alfa gizonak aukeratzen dituzte sexu-harremanak izateko (zakil-karruselez eta horrelakoez hitz egiten dute) eta erakargarritasun gutxien duten gizonak (tira, beraiek) sistematikoki arbuiatzen dituzte, betiko bakardadera kondenatuta geratuz. A! Ezkontzea ere ez dute gustuko, ez dutelako emakumeak mantenduko dituzten txotxongilo bihurtu nahi.
🤡 Bere bidea jarraitzen duten gizonak (MGTOW ingelesezko Men Going Their Own Way sigletatik). Red Pill-aren metafora erabiltzen dute, The Matrix filmetik ateratako pilula gorria (Wachowski ahizpa gaixoak! ), diktadura feminista baten pean gaudela (bai, benetan) eta emakumeek gizonak menperatzen dituztela ohartzeko gai ez den gure gizartea murgilduta dagoen simulaziotik esnatzea lortu dutela defendatzeko. Horrela, (oraingoan) borondatezko zelibatuaren alde egiten dute, emakume guztiak neurrigabeak direla uste dutelako. Biologismoa eta eboluzioaren teoria bihurritzen ere aritzen dira, beren ametsetako ordena soziala justifikatzeko; izan ere, gizonezkoak berez liderrak dira, eta emakumeak adeitsuak eta otzanak.
Susanne Kaiser kazetariak (2022: 56) azaltzen du, desberdintasunak nabariak diren arren, azpikultura horiek guztiek badutela zerbait komunean: “emakumeek autodeterminazio sexualerako duten eskubidea ukatzen dute eta autodeterminazio horretatik sortzen den gizarte-sistema arbuiatzen dute”. Izan ere, azken hamarkadetako aurrerapen feministek erakutsi dute pitzadurak ireki daitezkeela higatzen ari den sistema patriarkalean. Txikiak izan arren, nahikotzat jotzen dira zapaltzaileak zapalduta sentiaraziko dituen emakumeen kontra-menderatze gisa irakurriak izan ahal izateko. Kontraesana dirudien arren, jarrera biktimista horrek emakumeenganako gorrotoa argi eta garbi aldarrikatzen duen diskurtsoa sortzen laguntzen die. “Maskulinitate hegemonikoa zerbait politiko bihurtzen dute: patriarkatu gisa, patriarkatuaren alde mobilizatzen dira. Ezin dute atzera egin, maskulinoa naturala zen egoera horretara. Behin zerbait ikusarazita, ezin da ikusezin bihurtu” (2022: 149).
Azpikultura horiek AEBetan dute jatorria, 4Chan, Reddit edo Voat bezalako foroetan. Leku itxiak, non emakumeak kanporatu daitezkeen (hala identifikatzen direnak behintzat), gela propio bat sortu (sarkastikoki), laguntza-talderen bat ezarri, konspirazio-teoriak sortu, emakumeen aurkako gorrotoa botaka egin edo pertsona zehatz, kolektibo, enpresa edo erakundeekiko indarkeria digitaleko kanpainak antolatzeko.
Manosferaren lineako indarkeria ikusezin bihurtu da denbora luzez, baina Gamergate bezalako kasu entzutetsuek isiltasun hori hausten hasi dira. Labur-labur, 2014an, 4Chan eta Redditeko foroan parte hartzen zuten batzuk bideo-jokoen munduan ematen ziren matxismo-salaketen eta feminismoak egindako aurrerapenen aurkako kanpaina bat jarri zuen abian. Emaitza Zoë Quinn, Brianna Wu edo Anita Sarkeesian bezalako industriako profesionalen aurkako eraso batzuk izan ziren, doxxing-a, kontuak hackeatzea, bortxaketa mehatxuak eta, zenbait ekitalditara joanez gero, heriotza mehatxuak barne hartzen zituztenak.
Ikusgarritasun handixeagoa izan dezake, baina, apaldu beharrean, manosfera hedapen betean dago. Azken urteetan espazio irekiagoetara migratu dute, haien formak dibertsifikatuz eta publiko zabalago batengana iritsiz, plataformen (Twich, Youtube), sare sozialen (TikTok, Twitter/X) edo mezularitza kanalen bidez (Telegram edo Whatsapp). Apustu horri esker, borroka kulturalari aurre egin ahal izan diote, bertsio atseginago eta lotsagabeago baten bidez eta gorroto-mezuak argitaratzea erraztuz. Eta horrela, beren buruak imajina ditzakete politikoki zuzena denaren aurka borrokatzen Rorschach bakarti baten mozorropean edo Termopiletako 300en gisako taldean. Bakoitzak bere tonua aukeratzen du: Yagami Light ahalguztiduna, Tommy Shelby zitala, Walter White amorratua edo, besterik gabe, Joker kaotiko eta adarjotzailea.
Horrela, emakumeen eta disidentzien aurkako indarkeria digitala areagotzen ari da pixkanaka, adierazpen-askatasunean (nahiz eta haientzat bakarrik izan) eta woke diktaduraren aurkako borrokan babestuta. Beno, emakumeen, disidentzien eta gizon arrazializatuen aurka, zeren, askotan, misoginia eta homofobia supremazismo zuriarekin lotzen dira, eta ohikoa da beste afrikarra edo arabiarra ere gorrotatzea (horretarako adorea baduzu, bilatu ordezkatze handiaren teoria). Igarriko zenuen bezala, ogi-apurrei jarraituz gero, ez zaigu kostako alt right edo eskuin muturraren atera iristea, maskulinitate hegemonikoaren (bereziki zuria eta mendebaldekoa) hauskortasun-sentimendu hori kapitalizatzen dakiten taldeak baitira. Eta bestela, begira nola pilatzen dituzten botoak Bolsonarok, Erdoganek, Orbanek, Netanyahuk, Mileik edo Trumpek (edo Le Penek eta Melonik), nostalgian, beldurrean eta gorrotoan oinarrituta.
2024an, hedabideek zalaparta atera zuten CISen ikerketa baten inguruko azterketa baten inguruan; horretan, gizonen % 44,1ek erantzun zuten nahikoa edo oso ados zeudela baieztapen honekin: "emakumeen berdintasunaren sustapenean hain urrun iritsi da, ezen orain gizonak diskriminatzen ari baitira" (adi planteatzeko moduari!). Datua ideologiarekin gurutzatzen badugu, onarpen gehiena eskuin (muturrean) dago: Voxen (% 88,1) eta PPn (% 66,1). Adinari erreparatuz gero, 16 eta 24 urte bitarteko mutilen artean (% 51,7). Berriz ere, maskulinitatearen, alt right-aren eta, kasu honetan, gaztetasunaren arteko gurutzaketa.
Orduan, nostalgia eta antifeminismo errezeta honek funtzionatzen al du gazteen artean? Bizi ez zuten zerbait falta al dute? Politikoki zuzena denari negar egitea al da punk berria? Bada, ez. Arrazakeriaren aurkako mugimenduekin, ekologistekin, feministekin, LGBATIQ+ekin... konpromiso handiena duen belaunaldietako baten aurrean gaude, beraz, arnasa hartu behar da gazteria guztia zaku berean sartu aurretik. Hala ere, ez dugu ahaztu nahi neska-mutil talde bat eskuin muturraren sirena-hotsak entzuten ari dela, ziurtasuna agintzen diena krisi klimatikoak, ezdakitzenbatgarren krisi ekonomikoak, pandemiaren ondorioek, hirien gentrifikazioak, enpleguaren prekarizazioak… markatutako etorkizunarekiko etsipen baten aurrean. Egia da neskak eta disidentziak berdin daudela (edo okerrago), baina, mutilek ez bezala, neskek ez dute begiratu beharreko iragan hoberik. Independentzia pertsonal edo ekonomikoren batekin amets egiten zuen bitartean garbigailuak jartzen zituen etxekoandre burgesa izatera itzultzea? Edo, itsaski-biltzaile, garbitzaile edo ehungintzan zuen azpienplegura joan aurretik, azken haurra besapean zuela, arropa eskuz garbitzen zuen langilea izatera itzultzea? Armairu barruko bizitza batera itzultzea eta zure adierazpena, nortasuna, desioak eta afektuak ezkutatzea? Eta galdera hau egiten jarrai dezakezu menderatze-sistema desberdinek zeharkatzen dituzten beste bizimodu batzuekin.
Hala ere, manosferako lagunek badute tiratzeko iruditeria (zerbaitengatik fikzioko kanona BBVA+ek bahitua izan dute). Horrela, Don Draperren moduko iragan perfektua irudikatzen dute, non bere kabuz egindako tipo bat, lanbide liberal batekin, klase ertaineko (zer ote da hori) auzo bateko bere etxetxora itzultzen den eta bere emazte ederrak umeekin itxaroten dion (edo agian Jordan Belfortek crypto bertsioan). Noski, ez dute berrogeiko, hirurogeiko edo laurogeiko hamarkadako bataz besteko gizonaz pentsatzea sustatuko. Adibidez, 12 orduko lanaren ondoren, erdi-esklabotzako baldintzetan lan egiteak eragindako minak arintzeko familiaren soldata alkoholarekin xahutzen zuen langile randomaz. Dena delakoagatik, irudi horrek ez du hainbeste mugitzen. Nostalgia, bere argumentarioa bezala, fake bat da eta trukatuta dago, horregatik funtsezkoa da aurre egitea, baita birtualtasunean ere.
Eta, horretarako, garrantzitsua da indarkeria digital matxistei heltzea, gaur egun oso ikusezinak, hutsalduak eta baztertuak izaten jarraitzen baitute. Hori bai, ahaztu gabe mundu digital hau traola komunitatearen agertokia ere badela, non #TimeUp, #MeToo, #YesAllWomen edo #SeAcabó bezalako mugarri feminista garrantzitsuak bizi ditugun. Mundu birtuala lehiatu behar dugu, baina, Audrey Lorde-k esango lukeen bezala, inoiz ez nagusiaren tresnekin.








